Aplikazio habiaratuak
Eduki publikatzailea
Txotx denboraldia
Bizi Txotx denboraldia Hernanin
Aplikazio habiaratuak
Edukia • Txotx denboraldia
Hernani Gipuzkoako sagardo-denboraldiaz gozatzeko erreferentziazko herrietako bat da. Urtarriletik apirilera, astebururo, esperientzia honetaz gozatu nahi duten adin guztietako pertsonez betetzen dira herriko kaleak. Txotx denboraldia deitzen zaio.
Uztako sagardoa ezagutzera emateko eta dastatzeko balio du, eta urte osoan zehar irekitzen duten sagardotegiak egon arren, hau da garairik onena benetako tradizioa ezagutzeko, baita sagardotegien jokatzeko erritualak ezagutzeko ere.
Horietako bat “Txotx erritua” da. Kupelez arduratzen den pertsonak “Txotx” oihu egiten duen bakoitzean, une horretan sagardotegian dauden mahaikideak ireki den kupeletik sagardoa edatera joan daitezke.
Aprobetxa ezazu une hori bertakoekin hitz egiteko eta gure ohiturei buruz gehiago jakiteko.
Kontuan hartzekoak:
- Txotx egiten den bitartean: jarri ilaran eta, zure txanda iristean, hurbildu edalontzia sagardo-txorrotara; utzi sagardoari edalontziaren hormetako baten kontra talka egiten, bi hatz bete arte.
- Tenperatura: sagardotegiak upategiak dira eta kupelen inguruan baxua da tenperatura; izan ezazu kontuan. Tenperatura hori beharrezkoa da sagardoak beratzen jarraitzeko.
Sagardotegiko menua
Sagardotegietako beste erakarpen nagusietako bat menua da. Upeltegiko eta jantokiko giroa osatzen den bitartean, lehen erretiluak zerbitzatzen dira mahaietan: bakailao-tortilla. Sagardotegi askotan ez duzu platerik aurkituko; mahai-tresnak baino ez, janaria erretilutik partekatzeko. Beste tradizioetako bat da.
Sagardotegiko menu tradizionala honako hau da: bakailao-tortilla, bakailao frijitua piperrekin edo saltsan, txuleta, intxaurrak, gazta eta irasagar-gozoki edo menbrilloa.
Esan behar da esperientzia postrearekin amaitzen dela. Tradizioz, sagardotegietan ez zen kaferik edo koparik zerbitzatzen; gaur egun, ordea, batzuek horretarako aukera ematen dute. Nolanahi ere, galdetu egin beharko da kasu bakoitzean.
Txotx ordutegiak
Txotx zerbitzuak hasiera eta amaiera ditu. Normalean, ordutegia jantokian bertan ikusiko duzu, baina aurreratzen dizugu 17:00ak aldera ixten dela bazkarien kasuan, eta 23:00ak aldera afarien kasuan. Beraz, sagardotegira joateko garraio edo autobusen ordutegiekin ondo antolatzea gomendatzen dizugu, arazorik gabe itzultzeko.