Leku bat bertako jendeagatik, gastronomiagatik eta naturagatik ezagutzen da. Hernanik balio handiko aberastasun naturala du, bere lurraldean zehar banatuta. Natura eta mendiko bideak gogoko badituzu, leku zirraragarriak daude ezagutzeko eta bisitatzeko.
Batetik, Urumea Bailara bera aipatu behar da, eta hura osatzen duten mendietatik bailararen edertasun guztia ikusi ahal izango duzu, baita balio handiko estazio megalitikoak, bailarari izena ematen dion ibaiaren ibilbidea eta hura igarotzen den herri nagusiak ere: Hernani, Ereñotzu, Arano eta Goizueta.
Bestetik, adierazi behar da Hernanitik Aiako Harria Parke Naturalera sartzen dela. Parke Natural horrek 6.913 hektarea inguru ditu, eta horietatik 481 Hernaniko Udalarenak dira.
Udal-mugen barruan aztarna arkeologikoak daude, batez ere gure arbasoen artzaintzarekin lotutako monumentu megalitikoak; Akola, lgoin edo Saratzeta gisako parajeak ezagutu ahal izango dituzu.
Hernanik eta inguruek hedapen geografiko zabala barne hartzen dute eta aukera ugari eskaintzen dituzte. Horregatik, Hernaniko Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Mendiriz Mendi elkartearekin batera, ibilbide-sare bat sortu du horien bidez inguruko natura, historia, kultura eta gastronomia ezagutu ahal izateko.
Hamar ibilbidek osatzen dute sarea, Hernaniko hainbat gunetatik igarotzen direnak. Bada beste ibilbide bat ere, hamaikagarrena, kasu honetan didaktikoa, 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzat bereziki pentsatua: Laiaren Ibilbidea.
Jarraian, horietako bakoitzaren ezaugarriak ezagutu ditzakezu, baita ibilbideak dituen kilometroak, puntu interesgarrienak eta zailtasun-maila ere: